Inoiz ikusi dituzu akrobaziak? Zirkuan izan bazara, beharbada ohituta egongo zara artistak airetik ibilitzen ikustea; baina Donostian bada dantzari talde bat bi diziplinak batu dituena. Acroindar taldeak dantza, akrobaziak eta gimnasia uztartzen ditu; ezagutzen dituzu?
Gimnasia eta dantza diziplinen nahasketarekin hasi hori dira Acroindar talde donostiarraren ikuskizunak; erabateko sinkronizazioan, dantzariek irudi geometrikoak marrazten dituzte airean. Bat-batean, airean da dantzarietako bat. Batetik bestera, zirkukoak diruditen mugimenduekin edertzen dute eszenatokia.

Sara Ceballos 18 urteko dantzaria da Acroindar taldeko kiderik gazteenetako bat. Gimnasia erritmikoa ikasi du txikitatik, eta akrokirola lehen aldiz eskolan ezagutu zuenean animatu zen taldean sartzera. Ceballosen esanetan, indar handia izatea eskatzen du diziplinak: “Astean bitan entseatzen dugu. Beroketa asko egiten ditugu, ondoren egiten ditugun mugimenduek lesioak eragin ditzaketeelako”. Dantzari taldea neskez osatuta dago, eta mutil bakarra dute oraingoz. Bat aireratzeko, gainontzekoek indartsu eutsi behar diote, eta horietako bat da Ceballos: “Indar dezenta daukadanez, eusten duenetako bat nahiz ni. Dena den, bien arteko oreka eta konfidantza mantentzea ezinbestekoa da; bera nitaz fidatu behar da, eutsiko dudala sinetsiz, eta nik bere mugimenduetara adi egon beharra daukat. Taldelana da honetan garrantzitsuena”.
Akrobaziak mota guztietako dantza motekin nahasten dituzte: hipo-hop, balet, lirikoa… bakoitzak argi dauka bere postua zein duen, eta horretan sartzen dituzte orduak. “Ez gara dantzariak, ez akrobatak, ez gimnastak, baina, aldi berean, diziplina horiek guztiak lantzen ditugu. Hemen ez dugu trukurik; orduak igarotzen ditugu pauso berriak asmatzen eta entseatzen”.

Lan horrek baditu bere fruituak; alde batetik, Kursaalean emanaldi bat eskaintzen dute ballet dantzariekin batera, eta bestetik, Erdi Aroko azoketan bufoien antzera jantzita sekulako emanaldia eskaintzen dute. “Jendea asko harritzen da gure ikuskizunekin; oso ikusgarria da gure dantzariak airean ikustea, oreka ariketak egitea eta zirkuetan ikusten diren pausoak egitea”.
Beldurrarentzat lekurik ez

Indarra entrenatzeko ariketa berezirik egiten ez duen arren, gorputza zaindu behar dutela dio Ceballosek, lesioak ekiditeko: "Belaunek, sorbaldak eta orokorrean, hezurrek asko sufritu dezakete, etengabe gure lankideak altxatzen eta batetik bestera eramaten ditugulako. Garrantzitsua da muga fisikoak mantentzea, ez puskatzeko". Dena den, beldurrik ez izatea funtsezkoa da dantzari akrobata hauentzat, eta itsu-itsuan jarraitzen diote bata besteari. "Elkarren artean erabat bat eginda gaude; altxatzen dudan dantzariak ez du dudarik ez beldurrik izan behar nire lana egingo dudalako, eta berdin alderantziz. Hemen ez dago beldurrarentzako lekurik".
Gimnasta izateak esfortzu handia eskatzen du!
ResponderEliminar